|
Erreproduzitu/Reproducir
Getting your Trinity Audio player ready...
|
“FORJAS AMOREBIETA” FABRIKA OKUPATUTA, ZUZENDARITZA BARNE:
GAUAREN ERDIAN, BEHARGINAK ETA INDARKERIA
Ia neguan geunden, azaroaren azkeneko egunetan, eta Hugok eguneroko errutinari ekin zion: Bilbon autobusa hartu, Zornotzan jaitsi, eta Forjas lantokiko beharginen itxialdiak zer nobedade zekarren jakitera bideratu zen.
Eliza-dorreko erloju zaharra arratsaldeko zazpiak jotzen ari zen. Forjasen aurrean, haren hormaren eta tren-geltokiaren arteko plazan, langile batzuk zeuden zutunik. Bizpahiru su ere ikusten ziren espaloi gainean piztuta.
Gizon bat egur zatiak sartzen ari zen bidoi handi batean, eta Hugo agurtu zuen:
—Aupa! Hor dauzkak, berjaren ondoan, heure zain! Esan zidatek hi etortzean zuzenean hara joateko.
—Zeozer gertatu dok, edo?
—Ez jakiat, baina aurpegi serioagaz jabiltzak… holan emon jostek behintzat.
Hugo pentsakor gelditu zen, baina, dena delakoa zer zen jakiteko, hobe zuen haiengana joatea. Hala ere, inorekin hartu-emanetan hasi orduko, hesiaren kanpoaldean gelditu zen, hango giroa barrandatu asmoz.
Forjaseko beharginak hartutako erabakia: lantegia euren esku hartzea, gerentziak zor zizkien hilabete askotako soldatak ordaindu arte. Enpresaren instalazioetan atxiki zituzten guztiak, lanerako arropak kendu ere egin gabe, eta zuzendaritzako eta bulegoetako enplegatuak ere hantxe zeuzkaten.
Ekintza oso arriskutsua zen: Gobernuaren eta poliziaren aginduei aurre egiten ari zitzaizkien. Langile arrunten sindikatu batek edo bestek ere ez zuen erabakia onartzen.
Burdin-hesiaren bestaldeko izkina batean, andre-gizon pare bat hizketan zebiltzan. Gizonak aldean zeraman zakote-ontzi antzeko bat, eta baita poltsa txiki bat ere, frutarekin eta kafesne beroarekin, seguruenik.
Ezer esan barik eta buruarekin agur labur bat egin ostean, hesiaren beste izkinan gelditu zen Hugo. Isilean, barrukoen egoera begiratzen pasatu zituen hurrengo minutuak. Langileak hainbat taldetan zeuden multzokatuta: batzuk kuadrilla txikitan zebiltzan afaltzen, banaka batzuek beren kontura ekin zioten eguneko azken otorduari, beste zenbait lagun-giroko zurrutean zebiltzan… Edozelan ere, batzuek eta besteek anorak eta jertse lodiak zeramatzaten soinean laneko arroparen gainetik, eta buru-berokiek eta txanoek haietako askoren buruak estaltzen zituzten. Giro lasaia zegoen bonbilla ergel haiek igortzen zuten ipurtargiaren babesean.
Inor ez zen ohartu Hugo han zegoela, eta berak ere horrela jarraitzea aukeratu zuen, barrukoak berenez konturatu arte behintzat. Pentsakor zegoen: zelan izan zitekeen berez epeletan epelena zen jende hura orain tamaina hartako ekintzan murgiltzea eta, egunak joan eta egunak etorri, hartutako erabakiari hain gogor eustea?
Hugo bere pentsamenduetan sartuta zegoen, espazioaz eta denboraz erabat antsikabe, eta ez zen konturatu bere aurrean hiruzpalau gizon zituela. Ahots batek itzartu zuen. Haiengan erreparatu eta “barkatu” esan ondoren, berak ere ongi hartu zituen. “Estabas pensando en algo”, bota zion agur modura Padre Damian deitzen zutenak, Komiteko buru ere bazenak.
Laurak ziren kanpotik Zornotzara lan bila etorriak. Jende indartsua eta gorputz sendokoa zen, eta mailuetan eta prentsatan lan egiten zuten. Hugok berari begira zeuzkan guztiak: bizarra egin gabeko lau aurpegi ilun eta serio.
—Hoy la nueva es muy grave —esan zion batek.
—Ofizinako langile batek esan digu Guardia Zibilak esku hartuko duela eta laster batean denok kalera bota eta lantegia hustuko dutela.
—Bazenekiten hori gerta zitekeela, ezta? Nork esan dizue? Iturria fidagarria da? Noiz izango da? —galdetu zien Hugok.
—Ez, ez dute eman ultimatumik, ez dute esan noiz etorriko diren. Bakarrik filtratu da Guardia Zibila agertuko dela eta interbentzio hori egingo dutela, gerentzian eta ofizinan dagoen jendea ateratzeko.
—De aquí no sale ni Dios sin antes habernos pagado los atrasos —bota zuen haietako batek, haserre-haserre.
Hor zegoen hordagoa. Hainbat ekintzaren ostean (manifestazioak antolatu, kaleak hartu, trafikoa geldiarazi…), fabrika okupatzea izan zen azken erabakia.
Laurak zituen ezagunak, beste inoiz ere Langile Artean txokoko hitzaldiren batean ikusiak zituelako.
—Jendeak ez du atzera egiteko asmorik —esan zioten—. Zurrumurru hau beharginen artean zabaldu denean, giroa berotzen hasi duk; defenditu beharrekoa defenditzeko prest zeudek. Baditiagu lantegia defenditzeko moduak: atzealdetik etortzen badira, erreka partetik, guk horma ostetik emango zieagu. Eta gauden leku honetan ere erraza da barrikada sendo bat jartzea hesiaren ostean. Beraz, borrokatzeko prest gaudek.
Hugo hunkitu egin zen langile haiek erakusten zuten ausardiarekin. Baina, lehenengo kolpea gelditzeko kapaz izan arren ere, zelan egin aurre Guardia Zibilak balaz ekitea erabakitzen bazuen? Bere ardura agertu zien:
—Ados. Baina eskarmentuak diosku eurak gai izango direla lantegia manu militari hartzeko, eta, orduan, zuen ausardia bertan behera geratuko da. Beraz, hobe izango da horretara ez heltzea, gure jendea hiltzerik nahi ez badiagu. Hitz egin ezazue gerentziarekin, Guardia Zibilaren ofizialekin… Haginak erakutsi bai, baina indarrak neurtuta, eta momentu bakoitzeko egoerak esango digu zelan jokatu.
—Sí, eso mismo digo yo… —bota zuen Padre Damianek. Eta, jarraian, galdetu zuen ea ze laguntza izango zuten kanpotik—. Gai izango ginateke jendea Forjas aurreko plazara ekartzeko?
—Bai, jakina —erantzun zion Hugok—. Egunez bada, piketeak egingo ditugu; tailer eta fabrika guztiak hutsitu, eta langileak honantz ekarriko ditugu, jendetzarik handiena fabrika aurrean pilatzeko. Baina zelan egin hori gauerdian badatoz? Gauez jendea etxetik ateratzea gatxagoa izango da.
—Bai, ulertzen dugu —erantzun zion beste batek—. Uste dugu hurrengo lan-txandara arte aurre egiteko gai izango garela. Zer egin beste biderik ez badugu?
Parez pare zituen aurpegiek ausardia adierazten zuten, baina zalantza-keinuak ere ez zitzaizkien falta: inork ez zekien behin borrokan hasiz gero kontua zelan amaituko zen.
Denbora irabaztea zen premiazkoena. Teorian, polizia-indarra erabiltzeko eskubidea alkateari zegokion. Inoiz edo behin, Guardia Zibilak herritarren bat atxilotu ostean, alkateak bitartekaritza-lana egina zuen errepresio politikoaren aurka. Oraingoan, baina, egoera bestelakoa zen; izan ere, patronalaren eta beharginen arteko borroka herrian bertan sortu zen, eta batzuk eta besteak herrikoak ziren. Gainera, alkatea bera ere enpresari txiki bat zen, eta fabrikako bulegoko langileen artean zinegotzia ere bazen alderdikide zena eta horren seme bat ere han zegoen. Halere, alkatea tartean sartzea denbora irabazteko modu bat besterik ez zen.
Bestalde, goizean zehar herrian greba orokorra egiteko aukera ere bazegoen; Zornotzako gainerako beharginak ere oso sentsibilizatuta zeuden, eta ondo ezagutzen zuten Forjaseko arazoa. Egunero-egunero, mila langile inguru pasatzen ziren Forjas aurretik Izar fabrikara joateko, eta beste herritar asko ere han inguruan ibiltzen ziren, tren-geltokirako joan-etorrian. Tabernetan eta kalean ere eguneroko gaia zen.
—Eta hik uste duk alkatea etortzeko prest egongo dela? —galdetu zuen batek.
—Ezin jakin, baina probatu egin behar. Zoazte haren bila Guardia Zibila iristen denean —erantzun zion Hugok.
Denbora luzatzea zen helburua; hitz egiten den artean, ez da armarik jotzen. Ados zeudela ematen zuen.
Hugo urruntzen hasi zen, pasaeran bata eta bestea buruarekin agurtuz. Ez zuen luzaroegi egon nahi; emaztea haurdun zegoen, eta zain zuen etxean.
Azkar zebilen. Elizpetik zihoala, uso baten zirina albo-albotik pasatu zitzaion; madarikazio gordin bat bota zuen, eta aurrera jo. Azkenaldian, usoak arazo bihurtu ziren eliza inguruan. Ebanjelioan usoa bakearen sinbolo gisa agertzen den arren, toki hartan abadeen etsai bihurtu zen. Ez zekiten nola akabatu uso-izurrite hura eliza usteldu baino lehen, eta gerra krudela hasi zen bi aldeen artean. Pozoitzea ez zen aukera ona, eta tranpak jarri zituzten; halan bada, ez zen arraroa hanka bakarreko usoak ikustea, gerra-beteranoak balira legez. Horretan ere, indarkeria. Forjasen, gizakien artean; eliza inguruan, gizakien eta usoen artean, hor ere animalia batzuk beste batzuen aurka. Indarkeriak naturan berean ote zituen erroak? Hugok marmarrean jarraitu zuen, bere artean pentsatuz era bateko zein guztiz bestelako arazoak ager daitezkeela leku bakar batean.
Zubi erdian zegoela, parapetotik harago ikusten zenari begiratu zion: lehen planoan, dorre handia eta harrizko elizaren gerizpe isila; albo-alboan, erreka; aurrerago Forjas, isil-isilik; eta, harantzago, Izarreko makinen burrundara.
—Zer egiten dok hemen geldirik? —galdetu zion Izarren lan egiten zuen lagun batek, eskua lepoan jarriz.
—Pentsatzen nengoen zelakoa den gure bizitza, edo bizia bera… Ikusten dok errekan doan ura? Horrek ez jok ez lanordurik eta ez jaiegunik, eta inoiz gelditu ere egin barik aurrera zijoak, inoiz bere jarduna eteteko asmorik barik. Geldiro doa, baina, noizik behin, uriola dakarrenean, bere biolentzia gordina eta astuna izaten dok. Gogoratzen haz gu txikiak ginela, zelan ekarri zuen deposito handi bat, burdinazkoa, eta zelan apurtu zuen kolpe batez zubi zaharra?
—Zenbat bider egon gaituk Forjaseko langileak grebara ateratzeko, zenbat ernegu ez zirelako prest egoten greba jarraitzeko, eta begira orain.
—Bai, baina oraingoan hil ala biziko kontua dok eurentzako.
—Eta nondik hator hi hain berandu, ez habil ba txanda zentralean?
—Zorrozteko makina, barautsari azkeneko pasada ematen diona, apurtu egin dok, eta badakik, mantenimendukook… eta konpondu arte gelditu behar. Baina gojazak aurrera, txokoan hartuko joguk txikito bat?
Baiezkoa eman, eta Langile Arteanera bideratu ziren biak. Behargin gazteak zeuden han; batzuk ping-pongeko mahian, eta beste asko haiei begira. Hugok aparteko elkarrizketak izan zituen militante batzuekin, eta, egunean zeharreko berriak denei jakinarazi ondoren, etxera jo zuen.
Afalostean, etxekoekin Forjaseko berriak komentatu eta gero, ohera joan zen. Lokartuaz batera, pentsamendu astun eta ilun guztiak burutik aldendu zituen, loa baita arazoak desagerrarazteko biderik onena.
Ametsa edo zer ote, belarri ondoan oihuak entzun zituen. Ez zuen ondo ulertzen, baina, norbaitek manta gainetik kendu zionean, behingoan itzartu zen. Bere amaginarreba zen, esanez altxatzeko, balkoipean Forjaseko Lolo eta beste bi daudela eta bere bila etorri direla, zeozer larria gertatzen dela.
Prakak jantzi eta balkoira irten zen, zer gertatzen zen jakitera. Eta hara zer kontatu zioten:
—Alkatearen bila joan gara, baina harenean esan digute oraindik ez dela etxeratu. Guardia zibil piloa agertu dira, eta ofizial batek eta tropako lau edo bostek exijitu digute atea zabaltzeko; gerentearekin hitz egin behar dutela, onartezina delako pertsona bat beraren nahiaren aurka han sekuestratuta edukitzea. Guk gure arrazoiak azaldu dizkiegu, eta esan diegu fabrikako arduradunek gure libertatea ez ezik gure bizia eta gure familiarena be ukatzen dutela; gerenteak libre irten nahi badu, zor dizkiguten soldatak ordaintzea du. Horixe esan diegu. Ofizialak erantzun digu horretaz jakitun dela, baina berak ordenak dituela eta ordena horiek bete egin behar direla. Pasatzen utzi diogu; esan diogu sartzeko libre dela, baina ez irteteko, ez behintzat gerentea eurekin badakarte. «Zoaz gora —esan diogu—, eta ia konbentzitzen duzun soldatak ordaintzeko akordio batera heltzeko. Horrela bada, denok joango gara bakean, bakoitza bere etxera, ze gu geu be preso gaude hemen». Orain goian daude, eta ez dago mugimendurik. Guardia gehienak kalean daude, lanroberretan. Hainbat tropa dira.
Gertatutakoaren berri entzun ostean, Hugok hauxe erantzun zien:
—Ederto, baina Alkatea eraman behar duzue. Seguru bere etxekoek badakitela non dagoen. Esan egin behar dizuete non dagoen, beharbada txoko batean egongo da. Eta nik lagunduko dizuet bera konbentzitzen.
Horrela egingo zutela esan, eta joan egin ziren. Arropak jantzi, eta kotxe baten motorra entzun zuen kale-buruan sartzen. Azkar jaitsi, eta, ezertan pentsatu baino lehen, bera ere autoaren barruan zegoen.
—Bueno, ahora dicen que el alcalde no está en casa y que no vendrá hasta dentro de un par de días. O sea, que a ver qué hacemos. Sólo te tenemos a ti. ¿Tú puedes hablar en nombre del Ayuntamiento, no?
—Prest nago laguntzeko, baina ni kontzejal bat baino ez naiz. Halere, hara joan behar dugu hainbat arinen, ea zer egin dezakegun —esan zien Hugok.
Kotxea kalean utzi zuten. Jende apur batzuk han zeuden ordurako. Gau hartan, bidoietako sua ere erdi kikilduta zegoen; hareen ondotik pasatu ziren. Jendea harrituta zegoen, hainbeste guardia zibilek plaza okupatu zutela ikusita. Gainera, sirena joka zuten, eta gero eta jende gehiago agertzen hasi zen.
Inoren agurrari erantzun barik, ofizinako atera jo, eta barrura sartu ziren. Ikusgarria zen han zegoena, pasillo guztia gizon indartsuz betea. Eskuetan burdinazko barra sendoak, eta den-denak laneko arropa jantzita, baita anoraka eta buruko txanoa ere. Bonbilla ergel batzuen argi eskasak iluntasuna eransten zion berez goibela zen giroari, eta beharginen betondo beltzek eta begi sutuek beldurrezko eszenografia bete-betea eransten zioten egoera larri hari. Antza zenez, han zaudenek bazekiten zer gertatu zen alkatearekin, eta, beraz, Hugo hartzen zuten Udalaren ordezkaritzat.
Hari pasatzen uzteko, alde bateko zein besteko beharginak apur bat baztertu ziren, burdinazko barrak tente erakutsiz. «Esan ez direla pasatuko gerentea eurekin badakarte»; «Eskopeta batzuk ere baditugu; esan, esan ofizialari». Karrajuan aurrera zihoala, denek gauza bera esaten zioten: ez zutela amore emango. Ibilbidearen amaieran, komiteko jendea zegoen. Jendetza hura ikustean, halako sentimendu bat sortu zitzaion barru-barruan: jende haren ausardia, irmotasuna, balentria… Harro sentitu zen langileen alde borrokan emandako urteengatik, eta horrek guztiz gogobetetzen zuen. Baietz erantzun zien denei, aurpegira artez begiratuz. Gehienak ezagun zituen.
—Bueno, ikusten duk zein den egoera. Jendea sutan dago. Hau ez da borrokarik gabe amaituko. Nahiz eta eurek lau metraileta eduki, hemen ez dute ezertarako lekurik. Behargin bakoitzak neurri oneko barra bat dauka, eta hori ondo erabiltzeko moduan daude. Espero dugu kapitainak ere horrela ikustea; izan ere, beste tropa kalean uzteak indarrik gabe utzi du hemen barruan. Baina hobe borrokara ailegatzen ez bagara, ez dadila gaua odolez bete.
—Eta zelan egingo dugu, ba?
—Denbora asko daramate goian, eta, jakin dugunez, gerentearekin berbetan dabiltza.
Azaldu zioten gerentea kalera irteten saiatu zela. Gabardina besoan ondo tolestuta eta alboan ofiziala zuela, eskailerak jaisten hasi zen. Ostera, hango giroa ikusita, harrotasunak ospa egin zion, eta berriro bueltatu ziren ofizinara.
—Apartean daude biak. Antza, kapitainak egoeraren berri eman dio, eta esan dio arriskutsua izan daitekeela bera askatzea, zaurituak be egon litezkeela. Hainbeste denbora atzeratzeak bi arrazoi izan ditzake: indar gehiagoren zain daude, edo denbora luzatzen ari dira agintariekin berba egiteko, eta badakigu jauntxo enpresariek eta gobernadore zibilak ez dutela batere atsegin ordu honetan inork gogait eragitea. Edo beharbada ez dakite zer egin, horixe besterik ez.
—Hori horrela bada, ondo etorriko litzaiguke irtenbide bat eskaintzea.
—Bai. Orain Alkateak agertu behar luke hemen, baina ez omen dago herrian, eta nik ez daukat baimenik Udalaren izenean jarduteko…. Baina tira; ausardiaz jokatu, eta neure burua aurkeztuko dut. Egoera latz eta beldurgarrian gaude, eta, ezer gordinagoa gertatu aurretik, hauekin berba egitea eta arazoa baretzea komeni da, ia Udalak irtenbide bat lortu ahal duen.
—Bueno, eurek denbora irabazi nahi izatea gure onerako be bada. Gaur nerbioso ipini dituk, kantsatu egin dira; horregatik deitu diote Guardia Zibilari. Sokatira hau gu gabiltza irabazten. Cuestión de tiempo. Beno, eurak hor goian dituk, eta gu hemen gaituk, prest.
Batzuetan, pentsatu arren zerbait ezinezkoa dela, gertagarria da benetan. Hugok sei urte pasatu zituen militarren artean, eta ofizialen psikologia ikasi zuen. Beldurra galdua zion jende hari, eta bazekien ofizialek bera pertsona kultutzat hartzeak euren egoa puzten zuela. Zelan edo halan, aproba egin behar zuen, ez zegoen besterik. Eskaileratan gora zihoala, eskailera-buruan zegoen guardia desagertu egin zen, eta Hugok pentsatu zuen ofizialari abisatzera joango zela. Baina ez, ez zen hala izan; buruzagi militarra bera ofizinatik irteten zebilen, eta guardia haren atzealdean jartzera joana zen.
Eskaileraren erdian egin zuten topo. Buruz buru geratu orduko, Hugok bere burua aurkeztu zuen. Ofizialak aurrez begiratzen zion, eta serio-serio entzuten zituen Hugoren hitzak: zertara zetorren, jendeak ez zuela etsiko, borrokara iritsiz gero odoltsua izango zela…
Guardia zibilen buruzagiak esan zion jakinean zeudela eta trankil egoteko, egoera horretan gerenteak berak be ez zuela handik irten gura izan. Baina kapitainaren begiak ez zeuden Hugoren aurpegiari begira, ezpada pasilloaren bi aldeetan zeuden langileek tente eusten zituzten burdinazko barrei.
—Entonces, ¿no va a intervenir para despejar la fábrica?
—No, tranquilos. Sólo vamos a salir nosotros —eta, hori esanez, ahotsa altxatu zuen Hugoren buruaren gainetik. Batera jaitsi zituzten eskailerak, guardiaz inguratuta.
—Gracias… a Dios —esan zion, nahiz eta ez jakin nori eman eskerrak. Baina guardia zibil hark ulertu zuena izan zen berari eman zizkiola eskerrak.
Kapitaina kopeta ilunarekin jaitsi zen, gorputza artez, inork bere autoritatea auzitan jar ez zezan. Horregatik, bere hitzek ez zuten ezer igartzen uzten; ezin jakin, haren berbetatik, gerentea konbentzitzea lortu zuen ala ez.
Eskailera behealdean zeudenek argi entzun zuten: «El capitán dice que no van a sacar a la Dirección».
Kontsignak ahoz aho aurrera egin bezala, beso sendoek berna ondora jaitsi zituzten burdinak. Beharginak izkina bietara baztertu ziren, eta erdian pasillo bat zabaldu zen. Orduan, guardia zibilen tropak aurrera egin zuen, kapitaina buruan zela; guardiek metrailetak zeramatzaten eskuetan, eta begirada zuzen aurrera jarrita zeukaten. Langileak, berriz, isilik, serio, begiradak harrotasunez beteak. Kapitainak ez zion inori begiratu, baina beharginek kanpoko atea zabaldu zioten, eta ikusi zuten nola isil-isilean guardiak haien ibilgailuetan sartzen ziren eta herrirantz abiatu, gero Durangorantz jotzeko.
Orduan bai, aurpegiak samurtu egin ziren, eta garaipen-oihuak eta elkarrizketak ugaritu. Denek gauza bera zioten: «Esandakoa bete dugu. Hemendik ez dituzte aterako, ez behintzat bizirik…». Tentsioaren ondorioa da hori, harrotasuna sentitzea eta bozkariotan hastea. Gero, baina, egoera hotzean aztertzean, beharbada konturatuko ziren ez dela batere erraza halako trantze txar batetik onik irtetea. Gaua odolez zikindu izan balitz, edo gobernadorea umore txarrez harrapatu izan bazuten, beste kontu bat izango zen. Benetako tragedia, Gasteizen eliza barruan gertatu zen modukoa.
Azaroaren 24an, El País egunkariak berri hau zabaldu zuen Espainia guztian: «(…) La presencia de la Guardia Civil en el interior de la empresa Forjas de Amorebieta con el fin de liberar al director de la misma, retenido por los trabajadores encerrados en la fábrica hasta que se les satisfagan los salarios adeudados, provocó momentos de gran tensión en la mencionada localidad vizcaína durante la pasada madrugada…».
Gauak jada berea eman zuela iritzita, eta besteak garaipena ospatzen utzita, Hugok kalean baturik zegoen jendea agurtu zuen. Etxerako bidean, ezin baztertu zuen ideia hura: «Gaurkoa geraraztea lortu dugu, baina noiz etorriko dira berriro? Ugazabek txil egingo balute…».
Langileek borrokan jarraitu zuten. Fabrikaren okupazioari azkenera arte eutsi zioten, eta, azkenean, historia txiki honen kapitulu bat abenduaren 11n amaitu zen. Forjaseko beharginak, beste milaka herritarrekin batera, udaletxeko plazara heldu ziren manifestazio handi batean, lankide udaletxe barruan baitzeuden protesta egiten.
Honela zioen El País egunkariak:
Acuerdo en Forjas de Amorebieta
Desde ayer quedó normalizada la actividad de la industria Forjas de Amorebieta (…) según fuentes de la empresa, retuvieron a una treintena de administrativos y al director gerente. La empresa, en el acuerdo previo a que se llegó en la Delegación de Trabajo del Consejo General Vasco, se comprometió a pagar lo adeudado a los trabajadores. A partir del cuarto día de trabajo, dirección, trabajadores y representantes del Consejo General Vasco analizarán los problemas surgidos antes y después del conflicto, así como las responsabilidades personales derivadas del mismo.….
Agintaritza noren esku dagoen argi uzteko hitzak ziren, beste barik. Egiaz, baina, ez zuten inor zigortu. Baina horrela amaitu zen gatazka hura, agintariek modu horretan erakutsiz azken berba beti eurena dela.
| Testua: Isidoro Apraiz | Euskarazko testuaren zuzentzailea eta editorea: Amaia Astobiza |
