soledad

Zornotzak zaintza-eredu berri bat behar du

Erreproduzitu/Reproducir
Getting your Trinity Audio player ready...

Eustaten eta Udalaren datu ofizialak hartu, eta Zornotzako 65 urtetik gorako biztanleen bilakaera aztertu dugu zehaztasunez. Ondorioa garbia da: goitik behera aldatu behar da zaintza-eredua, eta politika sozial berriak ezarri behar dira.

Biztanleria zahartzen dabil, eta bai ala bai handitu behar dira gizarte-politiketako aurrekontuak, zaintza-beharrak dituzten herritarrei erantzuteko.

Horretarako, ezinbestekoa da zaintza-beharren mapa bat egitea, honako datu hauek jasoko dituena: 65 urtetik gorako pertsonen kopurua eta haien beharrak, osasun-egoera, ingurunea, etxebizitzen egoera eta egokitzapena, bakardade-sentimendua. Informazio zehatz horrekin, plan estrategiko bat egin daiteke, egungo eta etorkizuneko adinekoek bizi-kalitate ona izan dezaten luzaroagoan, horixe baita pertsona guztiok merezi duguna.

Herritar-multzo horretara egokitzen diren bitartekoak sortu behar dira, adinekoek autonomo izaten jarrai dezaten, nork bere neurrian, eta osasunak okerrera egitearen ondorioak ahalik eta txikienak izan daitezen.

Behar horiek ezin dira inolaz ere negozio bihurtu; ezin dira utzi irabaziak lortzea besterik bilatzen ez dutenen esku, eta Administrazio Publikoek etengabeko segimendua egin behar dute. Zainduak izatea eskubide bat da, eta horrexek izan behar luke gure erakundeen helburu nagusia: pertsona guztien bizi-kalitatea hobetzea.

Beharrezkoa da une honetan zaintzak behar dituztenei entzutea eta haiekin lan egitea, hutsuneak zuzentzeko eta gaur egungo baliabideak etorkizunean zaintzak beharko dituzten pertsonen profilera egokitzeko. Bestalde, ezinbestekoa da urte gutxi barru zainduak izateko beharra izango dutenekin berba egitea, bilakaera sozialarekin bat datozen zaintza-ereduak lantzeko.

70 urtetik gorako pertsona askok bakardade handia sentitzen du, eta lehenbailehen heldu behar zaio gai horri. Pertsona autonomoak dira, eta ez daude bakarrik haien borondatez; bizitzako gorabeherek eraman dituzte bakarrik egotera; horregatik, cohousinga (etxebizitza kolaboratiboa) bizitza-eredu egokia izan daiteke haientzat. Eredu horrekin, independenteak izaten jarraituko lukete, eta, aldi berean, lagunduta egongo lirateke; izan ere, banakako etxebizitzak eta partekatutako espazio komunak izango lituzkete. Zahartze-eredu aktiboa da, eta isolamendua saihesten du. Onuragarria izan daiteke osasunarentzat, eta bizi-urteak luza ditzake, baita urte horien kalitatea hobetu ere. Izan ere, ikerketen arabera, bakardadeak kalte egiten dio adineko pertsonen ongizate emozionalari, eta hori osasun publikoko arazoa da, buruko gaixotasunak izateko eta beste osasun-arazo batzuk garatzeko arriskua handitzen duelako. Beraz, bizitza-eredu hori Administrazio Publikoek sustatu behar dute, eta ezin da inoiz esku pribatuetan utzi, bideraezin bihurtuko luketelako.

Gaur egungo egoitzen eredua ez zaio inori gustatzen, bakar-bakarrik hortik etekin ekonomikoak ateratzen dituztenei. Egoitzen egoera eta funtzionamendua ezagutu ondoren, inork ez du halako batera joan nahi. Administrazioak jakitun dira horretaz, eta, halere, makrorresidentziak indartzen jarraitzen dute. Baina herritarrok ez dugu ahaztu behar beste etxebizitza-eredu batzuk ere badaudela zaintza-behar jarraituak edo sakonagoak dituztenentzat.

Auzoetan eta herriguneetan etxebizitza komunitarioak sortuz gero, adineko herritarrek beren ohiko ingurunean bizitzen jarraituko lukete, auzokideekin, senideekin eta lagunekin dituzten harremanak eten barik. Eta hori, besteak beste, adinekoen osasun mentala sustatzeko modu bat da. Etxebizitza-eredu hori, denborarekin, aldatuz eta egokituz joan daiteke, zahar-kopuru gero eta handiagoari eta zaintza-behar gero eta larriagoei erantzuteko.

Behar-beharrezkoa da gaur eguneko eredua aldatzea; eta posible da, gainera. Bestalde, betebehar soziala ere bada. Bizitza-eredu berri bat sortu behar dugu, adinekoen beharrei erantzungo diena, bakardadea eta depresio-kasuak txikituko dituena eta bizi-kalitate ona sustatuko duena.

Related Posts

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude